XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baiñan arreta ez zuen Luc'ek osoki Ma Chaumíereren gertakarian.

Biharamunean Annie ikusi behar zuen laugarren aldiz...

Ezin jasanezko egun garratz batzuk Elsa'k igaro-ta-gero, etsi egin zuen azkenean; eta egiaren ondorioak mamituz joan ziran beregan.

Ma Chaumíere billa, bapatean, haundiegia iruditu zitzaion.

Goiko estaiak, batez ere, Luc'i hau iñoiz aitortu ez arren haurrentzako bereziak, hutsago eta hitsago agertzen zitzaizkion iñoiz baiño.

Dieweg-eko pake hura, era berean, kanposantu-pake bihurtu bide zitzaion; ixiltasuna gehiegizkoa, eta Luc kanpoan zegoen orduak ugariegi eta luzeegi.

Aldakuntza harrigarria gertatu zan Elsa'rengan udazken hartan: urtebete lehenago ametsa zitzaion pareta eta zugaitz mordo huraxe, kaserna zabalegi eta lantsuegi billakatu zitzaion: sarraski kiratsa bide dario, zion.

Hillabete haietantsu, hain zuzen, Toyota markaren ordezkaritza Luc'ek hartzean, are beranduago etxeratzen hasi zan hau.

Eguerdian gero eta bakankago bazkaltzen zuen Elsa'rekin: - Zer uste duzu, Elsa? Lanpetuta nago, guztiz lanpetuta.

Ez dakit ez ote dudan hutsegin Toyota hau lehengoez gain onartzean.

- Zure burua eta gure biziera hondatuko baldin baditu, baietz esango nizuke zalantzarik gabe.

Toyota'rena erabaki aurretik, hillabete batzuk pasatzen uzteko eskatu zion Luc'ek, ia arazo berria zertaratzen zan; eta huntan gelditu ziran: 1960-eko Urteberrian egoera berriz aztertuko zuten, eta deliberoak hartuko.

Baiña Urtatsetik aurrera giroa ez zan aldatu.

Luc gero eta zakarrago agertu ohi zan; eta igandeetan, etxen egotea pairatu eziña izango balitzaio bezela, aitzeki-billa ibiltzen bide zan, hunerat edo harat joateko.

Bigarren estaiako gelak guztiz utziak: gero eta hotzago, gero eta zikiñago, gero eta urrunago.

Gitarra ikasteari berari piskanaka utzi zion Elsa'k; eta diskoak berak, gero eta maizago, aspergarri iruditzen hasi zitzaizkion: beti gauza bera, esan zuen behin gogaiturik.

- Eros, ba, beste disko batzuk.

Joan zaitez hirira.

Nik ez dizut ezer galeraziko - zion Luc'ek.

Baiñan Elsa'k disko berritarako ere gogorik ez zuela nabaitzen zuen; eta ez zan joan.